XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arakistain: Eibartarrak harro egon behar dute ekipoarekin

Eibar futbol taldeak bigarren A mailan seigarren urtea betetzen duen honetan entrenatzaile berria estreinatu du.

Elgoibartarra eta ogibidez fisioterapeuta da bera, zazpi urte egin ditu Elgoibarko taldea entrenatzen eta oso entrenatzaile serio, gogor eta langilearen famarekin iritsi da Eibarrera.

Elgoibartik Eibarrera etorri eta zer moduz moldatu zara hemengo taldera?

Eibarrera etorri behar nuela enteratu nintzenean ilusio handiarekin etorri nintzen.

Gutxi gora behera espero nuen ekipoa topatu dut, bai direktiba eta bai ekipo aldetik.

Eibar Elgoibar modukoa da baina profesionalagoa, jendea antzerakoa da.

Ni lana egiten ohituta nago eta hemen jendea prest dago lan egiteko, ez da bat ere harroa.

Nola joan da aurredenboraldia eta liga eta kopa hasiera?

Aurredenboraldian lana nahiko gogor egin dugu.

Partiduak flojo xamar hasi genituen, baina poliki-poliki hobeto jokatzen joan gara.

Aurredenboraldiko azken partiduetan maila onean jokatu genuen.

Gero, denboraldia hasi zenean, kopako lehenengo partiduan Torrelavegan, emaitza (4-1) partidua baino hobea izan zen guretzat.

Guretzat ona izan zen, liga konfiantzaz hasteko aukera eman baitzigun.

Elgoibarren zazpi urtetan entrenatzen ibili zara gorabehera handiekin.

Preferentetik Bigarren B mailara igo zenuen taldea eta justu maila galdu duzun urtean, Eibar entrenatzera deitu dizute...

Bai horrela da, nik Preferentean hartu nuen taldea gero hirugarren mailara igo genuen eta baita bigarren B-ra ere, baina azken urtean berriz hirugarrenera bajatu ginen.

Baina nik uste dut Elgoibar zazpi urte hauetan haundia egin dela.

Eta ez dut uste hona azken urteagatik etorri naizenik.

Elgoibarren pentsatuko zuten lan ona egin dudala eta zazpi urte egin ditudanez, badakite nolakoa naizen eta akaso horregatik etorriko nintzen.

Zein esperantzarekin hasten da jokatzen Eibar liga hau?

Perspektibak hemen beti izan dira ez bajatzea, Eibarrek segundari eustea, eta lehenengo partidutik gerra, presio hori, ez bajatzea eta ez bajatzea.

Neri ez zait gustatzen hori, nik ez dut inoiz esan zer egin behar dugun aurten.

Nik pentsatzen dut lehenengo partiduan, jokatu behar dugun horretan pentsatu behar dugula eta irabazten badugu, ba ondo, enpate bat baldin bada puntu bat gutxiago.

Momentuan gertuen daukagun partiduan gustatzen zaigu pentsatzea eta ez liga amaieran zein egoeratan izango garen kalkuluak egiten ibiltzea.

Poliki-poliki joan, partiduz partidu eta ahal badugu irabazi.

Elgoibarren izan zaren urteetan fisikoari garrantzi handia ematen zeniola ikusi zen, Eibarren ere linea horrekin jarraitzeko asmotan zaude?

Hor gauza bat dago garbi garbi, 26-28 urteko mutil bati baloia gelditzen erakustea oso zaila da.

Baina berak futbola hamarretik zazpi baldin badaki, fisikoki ondo badago, zazpi hoiek emango ditu futbol zelaian.

Baina ez badago fisikoki ondo, alperrik da futbolean erakustea, bigarren zatian nekatu eta ipurdiarekin ere ezin badu...

Gaur egun fisikoa oso garrantzitsua da.

Azken urteotan Ipuruako ikusle kopuruak beheruntz egin du eta urte hoiek Eibarrek Bigarren A mailan jokatu den urteekin bat egin dute.

Taldeak ez galtzera irteten du eta jokoak bizitasuna galtzen du eta bide batez ikusleak.

Konponbiderik badu horrek?

Zaila da esatea zer izango litzatekeen hobea.

Nik bakar bakarrik dakit ekipo bat daukadala, direktiban lanean ari direla ekipo hori aurrera ateratzeko eta bigarren maila badago, Eibarko herriarentzat inportantea dela hori.

Jendeak nik uste dut ulertzen duela zelako ahalegina egin behar den eta zein gogorra izaten den aurrekontu hauekin segundari eustea, oso zaila da.

Oso meritu handia dauka Eibarrek seigarren urtez segundan segitzean.

Nik uste dut eibartarrek harro egon behar dutela euren ekipoarekin, seigarren urtez bigarren A mailan irautea meritu handikoa delako.

Oier Araolaza